Yosu Meabebasterretxea da teknika berri honen sortzaile eta ikertzailea.

esmaltenpiedra

Orain dela 15 urte inguru, nire aitita Felixen baserriko ogi-labean harri bat topatu nuen, eta distira berezia zuen. Labea erortzear zegoenez, harria etxera ekarri nuen, bitxikeria moduan. 14 urtez ahaztuta eduki genuen, eta ondoren ikertzea erabaki nuen, krisi sasoi honetan denbora soberan baitaukagu…

Zeramikari batzuei galdetuta, jakin nuen harriak zeukan hura esmaltea zela. Nahiz eta ogi-labe horretan ez zen sekula esmalterik erabili, errautsen mineralak (erretzen ez direnak) izan behar ziren, harrian inpregnatu, eta aire eta beroaren korronteen eraginez esmalte bihurtu zirenak. Puntu honetara helduta, jakin nuen harria esmaltatzeko ahalegina egin zitekeela.

Hurrengo pausoa zailagoa izan zen, tenperatura altuak jasateko harri mota egokia bilatzea, alegia. Hainbat lekutan galdetu nuen denbora luzez, Nafarroako Pirinioetara heldu arte, eta bertako artzainek harri goriei buruz hitz egin zidaten: harriak sutan jartzen zituzten, gori jarri arte, eta orduan kaikuan (ardiak jezteko erabiltzen zen egurrezko ontzia) sartzen zituzten, esnea irakiteko. Harriek ezin zuten harea xehea jario, eta ezin ziren kareharria bezain gogorrak izan harriak, beroarekin eztanda egin ahal zuten eta.

Ezaugarri horiek dituzten harriak bilatu nituen mendi eta ibaietan, eta asko kostatu zitzaidan arren, azkenean lortu egin nituen. Orduan labean proba egitea baino ez zen geratzen… Hainbat zeramikari ospetsurengana joan nintzen, baina inor ez zen ausartu: eztanda egiteko beldurra zuten eta labea apurtzeko, edo termometroa, erresistentzia… Kontua da propanozko labea erosi behar izan nuela.

Martxoaren 15ean probak egiten hasi nintzen 1000 gradura, eta arrakasta izan zuten, eta sorpresa izan genuen: prozesuaren ondoren, harria zeramika bihurtu zen. Ondoren, esmalteen probekin jarraitu nuen 980 gradura, eta hemen ere emaitza harrigarria izan genuen… Eta une honetan kristalezko probak egiten ari naiz, 800 gradura.

Arrakasta hau lortu aurretik, esan behar dut hainbat harri apurtu eta arrakalatu zaizkidala: batzuk lodiegiak zirelako, eta beste batzuk desegokiak zirelako. Aipatu beharra daukat pazientziarik ez dudalako ere apurtu zaizkidala, eta emaitzak ikusteko gogoa izan, eta hozteko behar zen denbora utzi gabe. Aipatu beharra dago artisau profesionalen aholkuak izan ditudala, bereziki Blanca de Ollerias (Araba) zeramikariarenak eta Igor Argiabadago irundar (Gipuzkoa) beiragilearenak.

Harria esmaltatuta

Harria esmaltatuta

Harria esmaltatuta

Harria esmaltatuta

Harria esmaltatuta

Harria esmaltatuta